“MusikazBiziAraba”: Zergatik erabaki zenuten talde bat osatzea eta bakarkako ibilbide musikala ez hastea?
“SarraBete”: Gorkak (zarrabetea) eta Pablok (buzukia) aspalditk ezagutzen zuten elkar, eta Kolmekatu musika taldeko partaide dira biak. Hau horrela, duela urte batzuk Euskal Herrian presentzia handia zuen zarrabetearen doinuak berreskuratu nahian elkartu ziren, eta hau bien artean egitea pentsatu zuten. Azkenik, hirugarren partaide bat bilatu zuten, taldeari perkusioa eta ahotsa sartzeko (Leire). Doinuak talde-sorkuntzatik irteten dira.
“MusikazBiziAraba”: Gasteizen jotzea gustatzen zaizue edo nahiago duzue beste hiri handiago batzuetan kontzertuak ematea?
“SarraBete”: Gure lehenengo kontzertua Gasteizen eman genuen, eta egia esan oso gustura jo genuen, Artiumen. Gainera, Gorka gasteiztarra izanik eta Gasteiz taldearen topaleku nagusia izanik, uste dut berezia izan zela hirurontzat. Dena den, toki desberdinetan jotzea gustatzen zaigu, leku handiak zein txikiak egokiak dira Sarrabeterentzat, eta guztietan dago zer gozatu eta zer ikasia.
“MusikazBiziAraba”: Gasteizen kontzerturen batean izandako pasadizoren bat?
“SarraBete”: Gure kontzertuan zehar momentu batean Gorka (zarrabetea) bakarrik gelditzen da estenatokian, eta “solo” antzeko bat egiten du zarrabetearekin. Ba, behin hau gertatu zitzaigun: gainontzeko kideak estenatokitik jeitsi ginen, Gorka jotzen hasi zen, eta justu momentu horretan manifestazio oso jendetsu pasa zen kontzertuaren karpa ondotik, sekulako zarata ateratzen. Gorkak lasai asko jarraitu zuen jotzen, baina besteok behetik gehiago entzuten genituen ia manifestazioko oihuak musika baino. Gorkak soloa bukatu zuen momentuan bertan isildu ziren uluak. Pasadizo xelebrea izan zen.
“MusikazBiziAraba”: Pandemia egoera honetan, zuzeneko musikarako lekua dago edo beste aukera batzuk bilatzeko unea dela uste duzue? Adibidez Stream, patreon, youtube…
“SarraBete”: Ikusi da pandemia garaian ere kultura zein beharrezkoa dugun eta nolako indarra daukan. Nire ustez streaming bidezko kontzertu eta emanaldiak asko elikatu badira ere, beharrezkoa da zuzeneko kontzertuei lehentasuna eta indarra ematea. Pandemia egoeran ere zuzeneko musikak itzelezko lekua du, zuzeneko kontzertu batean sortzen dena ez du streamingak ordezkatzen. Beraz, behar diren neurriak beteta ez dago zuzeneko musika baztertzeko arrazoirik. Uste dut oso garrantzitsua dela honi indarra ematea.
“MusikazBiziAraba”: Zerbait egin dezakegu ikusle edo zale garen aldetik, gustuko ditugun taldeei laguntzeko?
“SarraBete”: Esan bezala, uste dut zuzeneko kontzertuak babestea oso garrantzitsua dela. Honekin batera, taldeen lan desberdinak (kantuak, bideoklipak, diskak, merchandaising-a…) babestea eta orokorrean haien musika entzutea esango nuke direla laguntza handienak. Asko eskertzen dira.
“MusikazBiziAraba”: Amaitzeko, zertan hari zarete momentu honetan? (Abesti bat, elkarlan bat, disko bat, …)
“SarraBete”: Momentu honetan gure lehen diskaren aurkezpen-kontzertuak eskaintzen eta entseatzen ari gara. Pandemiaren eraginez kontzertuekin gora-beherak egon badira ere, gogoz jarraitzen dugu, entseatzen eta jotzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Follow by Email